- 2026ko martxoaren 25ean eta 26an, mugikortasun jasangarriaren alderdi industrial eta digitalaren protagonistak Ficoban bilduko dira.
- Leloa: “Mugikortasun eraldatzailea”
Donostia, 2025eko ekainaren 2a. 2026ko martxoaren 25ean eta 26an, Gipuzkoa mugikortasun jasangarriaren erdigunea izango da berriro, bosgarrenez MUBIL Mobility Expo egingo da-eta Ficoban: mugikortasun garbi, irisgarri, seguru eta konektatuaren Europako hegoaldeko industriaren erreferentziazko azoka profesionala.
Deskarbonizazioa eta trantsizio energetikoa bultzatzen ari diren eraldaketa ekonomikoaren esparruan, mugikortasun jasangarria inflexio puntuan dago, eta, testuinguru horretan, MUBIL Mobility Expo hitzordu estrategikoa da, inoiz baino estrategikoagoa, sektoreko fabrikatzaile, hornitzaile, erosle eta preskriptoreentzat eta enpresa liderrentzat; balio erantsi handiko eta negozio aukera bikaineko sektore baten indarra islatzen duen topaketa bat.
Sektorea hazkunde betean dagoen honetan, MUBIL Mobility Expo hari tira egiten dion eragilea bilakatzea da helburua, eta, horretarako, berrikuntzak erakusteko, harreman estrategikoak sortzeko eta akordio komertzialak egiteko topagunea izatea bi egunez, networking profesionala eta lankidetza publiko-pribatua sustatzen dituen ingurune batean.
Munduan, garraioak berotegi efektuko gasen isurien ehuneko handi bat egiten du, eta horrek agerian uzten du eredu jasangarriago baten bidean aurrera egiteko premia. Bada, MUBIL Mobility Expo da eraldaketa hori bultzatu eta bizkortzeko lekurik aproposena.
Etapa berri bat, eslogan berri bat
Mugikortasun jasangarriaren sektorearen eta MUBIL azokaren ekosistemaren beraren bilakaera ikusita, kontakizuna eguneratu beharra dago. Lau edizioren ondoren, Europako hegoaldeko erreferentzia profesional sendoa da MUBIL Mobility Expo, baina, egungo testuinguruan, beharrezkoa du nortasun kontzeptual berri bat, mugikortasun jasangarriaren benetako inpaktua hobeto adierazten duena.
Bada, egindako hausnarketaren emaitza “Mugikortasun eraldatzailea” leloaren aukeraketa da: nortasun bat, azpimarratzen duena zer-nolako inpaktu ageriko, positibo eta eraldatzailea duen digitalizazioaren eta berrikuntzaren bidezko mugikortasun jasangarriak industrian eta balio katean, erregulazioan eta araudian, hirien eta lurraldeen garapenean eta jendearen bizimoduan bertan.
MUBIL Mobility Expo
MUBIL Mobility Expo, mugikortasun jasangarriaren Europako hegoaldeko industriaren azoka profesionala, MUBILek bultzatzen du. Mugikortasun adimendun eta jasangarriaren Euskadiko hub-a da MUBIL, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu zuen, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan, Eusko Jaurlaritzaren eta EEE Energiaren Euskal Erakundearen babesarekin,
sektorearen gaitasunak sendotzeko, haien garapena sustatzeko eta sektoreko enpresa sarearen lehiakortasuna eta nazioarteko posizionamendua hobetzeko.