(Irun, 2025eko uztailaren 2a). Direbús elkarteak eta MUBIL Mobility Expo azokak, aldebiko lankidetza berriro formalizatu nahian, akordio bat sinatu dute, elkartearen partaidetza aktiboa areagotzeko Europako hegoaldeko mugikortasun jasangarriaren industriaren azoka profesionalaren hurrengo edizioan: bidaiarien errepideko garraioa ordezkatuko du enpresa elkarteak.
Akordioa sinatzeko ekitaldia Ficoban izan zen, joan den ekainaren 24an, MUBIL Mobility Expo azokako Batzorde Teknikoaren lehenengo bileran, eta Juan Manuel Sierrak eta Mónica Aldayk parte hartu zuten; hurrenez hurren, Direbús elkarteko Nazioarteko Harremanetarako zuzendariak eta MUBIL Mobility Expo azokako zuzendariak.
Besteak beste, konpromiso hauek xedatzen ditu akordioak:
- Direbús elkarteak MUBIL Mobility Expo azokako Batzorde Teknikoko kide gisa parte har dezan berrestea. Ordezkatzen duen sektorearen barruko posizionamendua eta errepideko mugikortasun kolektiboaren esparruan dituen esperientzia eta ikuspegi estrategikoa eskainiko ditu.
- Elkarteak 2026ko azokan erakusketari gisa parte hartzea, bere stand propioan, eta osatzen duten lurralde elkarteetako zuzendarien eta operadoreen arteko topaketa bat antolatzea, Gipuzkoako elkartea izango duena buru, MUBIL Mobility Expo azokan enpresa txiki eta ertainen ereduak parte hartzea bultzatzeko.
- Elkarteak azoka bere hedabideen bitartez iragartzea, ahalik eta operadore eta enpresa gehien erakartzeko bisitari profesionalen artera.
MUBIL Mobility Expo azokaren bosgarren edizioa martxoaren 25ean eta 26an izango da, Ficoban, eta “Mugikortasun eraldatzailea” leloa izango du. Horrela, azpimarratuko du zer-nolako inpaktu onuragarri eta hautemangarria duen digitalizazioak eta berrikuntzak sustatutako mugikortasun jasangarriak industrian, arauetan, hirien garapenean eta bizi kalitatean.
Direbús: www.direbus.es
Direbús bidaiarien errepideko lineaz kanpoko garraio zerbitzu publikoen eta zerbitzu erregularren sektoreko enpresa txiki eta ertainak ordezkatzen dituen Espainia mailako enpresa elkarte bat da, eta, gaur egun, Espainiako lurralde osoan errepideko garraio zerbitzuak ematen dituzten ia 700 enpresa afiliatu ordezkatzen ditu, autonomia erkidego guztietakoak. Horrela, Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioak errekonozitu duenez, Errepideko Garraioaren Espainiako Batzordeko eskubide osoko kidea da, eta beste elkarte eta federazio batzuekin akordioak sustatzeko, erakunde publikoen aurrean proposamenak egiteko eta mugikortasunaren sektoreko azoka eta kongresuetan parte hartzeko akreditazioa du.
MUBIL Mobility Expo: www.mubilexpo.eus
MUBIL Mobility Expo, Europako hegoaldeko mugikortasun jasangarriaren industriaren erreferentziazko azoka profesionala, MUBILek sustatzen du, zeina Euskadiko mugikortasun adimendun eta jasangarriaren poloa den, Gipuzkoako Foru Aldundiaren (Ekonomia Sustapeneko eta Proiektu Estrategikoetako departamentua) Etorkizuna Eraikiz ekimenaren esparruan, eta Eusko Jaurlaritzaren (Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailaren) eta EEE Energiaren Euskal Erakundearen babesa du.